2013(e)ko maiatzaren 7(a), asteartea

Kantaria hil dute (Gontzal Mendibil)


      Kantua, urrezko mito jolastia
      -Homero-

   KANTARIA HIL DUTE

   Orain ez asko
   aho betez kantatzen genuen,
   halako baten, isilduz,
   entzule bihurtu ginen.

   Kantaria hil dute
   hil dute kantua
   isilarazi digute
   barruko soinua.

   Harrabotsa eta lotsa
   ulergaitza dena
   zaratarekin ito da
   kantariaren lana.

   Kantaria isildu da
   jada ez da kanturik
   ez ei dugu entzun nahi
   txorien txiorik.

   Kantu-ele ederrek
   baretzen zituzten bihotzak
   babesten gintuen
   kantuaren hotsak.

   Kantuen adostasunean
   kantatzen genuen aldian
   baztertu da, mututu da
   kantuen durundia.

   kantua esperantza zen
   elkarguneko poza eta malkoan,
   gure baitan eta zainetan
   iradokitzen zigun desioan.

   Kantua ezintasunen egarri
   negar eta plazerren betegarri   
   kantaria gure nahien iragarle   
   samin guztien ordezkari.

   Eta isilaraziz
   deiadar handiz
   zarata kantu
   digute bihurtu.

   Kantariak
   kantatzea du helburu
   beraz:

      kantuz bizi
      kantua jaurti
      kantuari eutsi
      kantuz jantzi

      kantuz maite
      kantuz auzi
      kantuz jaso
      kantuz giro

      kantuz penaz
      kantuz pozik
      kantuz kantu
      kantuz beti.


   (Hitzak: Gontzal Mendibil) 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina